2013(e)ko urriaren 11(a), ostirala

Euskal Herrian musikak bizi duen egoerari buruz

   Orrialde hau ireki zuen artikulu hartan agindu nuen moduan, gaurkoa Euskal Herriko musikak bizi duen egoerari buruz zenbait hitz egiteko balioko digun jarduna izango da.
   Gaiak berak nahiko mami duenez, zuzenean harira joatea izango da egokiena.

   Euskal Herria leku berezia da. Musikak bere lege propioak ditu hemen, eta hemengo mainstream joerak estatuko gainontzeko lekuetan bizi ditzazkegun joeretatik asko urruntzen dira zenbait aspektutan. Normala den moduan, hemen, beste lekuetan bezainbesteko arrakasta izaten dute mundua astintzen duten hit hiper-famatu horiek. Baina euskaldunoi kontsumituarazten diguten musika, eta batez ere euskal hiztunoi kontsumituarazten digutena, estatu mailan kontsumitu ohi den musikaren oso bestelakoa izan ohi da. Kultura kontua izan daiteke, edo hizkuntza kontua agian, edota bien arteko nahasketa bat. Dena dela, Euskal Herrian zenbait talde eta estilo konkretuetan oinarritutako industrial komertzial propio bat sortu da, eta gaur egun, zenbait komunikabideren laguntzaz, Euskal Herriko musikaren pastela beraien artean banatzen dute.
   Talde hauek ez dira onenak, ezta guapoenak ere, eta hauetariko batzuk ere ez dira bereziki distiratsuak zuzenean. Baina hauek dira gehien "saltzen" dutenak. Edo hobeto esanda, hauek dira gehien saltzen direnak.
   Bada talde kopuru bat Euskal Herrian, industria kontrolatzen duten lau edo bost ugazabei eskerrak, 10.000 binztanle baino gutxiago dituzten herrietako plazetan jotzeagatik 6.000€ eskatzen (eta jasotzen) duena, adibidez. Eta ez dituzte kontzertu gutxi egiten urtean zehar.
   Hauek, euskal musikaren inguruan sortu den sekta osatzen dute. Ugazaba gutxi batzuen esku dagoen sekta, eta desinformazioa mantentzeko zenbait hedabidek ematen dieten laguntzari esker, euskal musikaren inguruko industria kontrolatzea lortu duen taldea. Eta bakarren batek honen lepotik aberastea ere lortu du.

   Baina idustria kontretu horren gainetik, bueno, hobeto esanda, industria horren azpitik, badaude talde oso interesgarriak. Musikalki oso aberatsak, entzun beharrekoak eta kalitate izugarria eskeintzen dutenak, bai beraien grabazioetan zein zuzenekoetan; eta sektarekin inongo zerikusirik ez duten taldeak dira gainera. Sare "alternatibo" honetan, sektarengandik edo ohiko industriatik ihes egiten duten taldeak aurki ditzakegu, edota industriak alde batera utzi dituenak. Baina hauetariko batzuek, industriak eskeintzen ez digun kalitatea erakusten dute.
   Eta talde "alternatibo" hauek izan dira hain zuzen, tradizionalki "euskal musika" deitu izan diogun mugimendu konkretu horretatik aparte dabilen beste mugimendu berria sortu dutenak. Talde hauek bi mundu horien arteko muga erakutsi digute, eta asko eta askori, bi errealitate hauen existentziaz ohartarazi diete. Gainera, harrigarria badirudi ere, mugimendu alternatibo honetako taldeak "euskal musika" terminuak biltzen duen taldetik kanpo uzten dituzte. Denak euskal herritarrak dira, asko euskaldunak, eta denek musika egiten dute. Baina sektaren kontsumitzaile ohikoak ez ditu "euskal musika"-ren ordezkaritzat jotzen. Harrigarria da, baina joango gara honen frogak ikusten, taldeei buruz hizketan jarduten dugun heinean.
   Izan ere, sekta dela eta ez dela, musikak baino diruak gehiago axola dion jende ugari dago Euskal Herrian. Musikak ez du garrantziarik, negozioa da lehentasuna; dirua. Musikaren industriaren segmentu konkretu honetako arduradunek beren burua salduko lukete, Alaitz eta Maiderrek esaten zuten moduan: txanpon baten truke. Eta esfortzu eta lan gutxiago eginda, txanponak musikak adina edo gehiago emango dizkien beste zerbait aurkitzen badute, hara egingo dute salto.
   Ez dago musikarako zaletasunik, musikak ez du axola. Diru zaletasuna da nagusi zenbait lekutan.

   Guzti hau garbi izan beharko luke jendeak. Industria barruan dabilen jendeak ere aitortzen baitu egoera zelebre hau.
   Eta tira, sektako ugazabak nortzuk diren eta informazio guztiz morboso hori, orrialde hau irakurtzen jarraitzen baduzue, atzemango duzue zuen kabuz. Orrialde honek ibilbide luzea egitea espero dut, eta izango da denborarik ikuspuntu hau garatzeko.
   Pazientziaz.
   Eta bueno, barkatuko duzue artikulu honen kontzeptualismo ilun eta ezkor hau, baina gai garrantzitsuegia iruditzen zait besterik gabe muzin egiteko. Baina tira, orrialde honetako gainontzeko artikuluek ez dute honen antza handirik izango, lasai egon.

   Hurrengo jardunean izango dugu elkarren berri.

   Agur bat.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina