2013(e)ko urriaren 13(a), igandea

Sugan eta euskal musikaren misterioetako bat


   Ez oker pentsatu izenburua irakurri ondoren. Sugan taldea ez da misterio bat, baina hauek zuten ezaugarri batek, euskal musikaren misterio handienetariko bat ezkutatzen du.

   Sugan, Beasainen sortutako pop-rock talde bat zen, ahots melodikoak eta pianoak lehentasuna zuten moldaketak uztartzen zituen estilo nahiko markatua eta berea lantzen zuen talde bat . Euskaraz zein gaztelaniaz abesten zuten, eta euskal musikan oso ohikoak diren maitasuna edota kutsu erreibindikatiboak dituzten gaiak jorratzen zituzten beraien letratan. “Irakurketa” (telesail bateko sintonia izan zen) eta “Zarena Zarelako” bezelako abestiak nahiko arrakasta izan zuten Euskal Herri mailan. Gaur egun, dirudienez, jotzeari utzita daude.
   Hiru lan argitaratu zituzten. Lehena autoekoiztutako lan bat izan zen, 2004. urtean, “Itxaropenez” izena zuena. Hurrengo biak berriz Elkar argitaletxearen zigilupean atera zituzten, “Sugan” izenekoa 2006an, eta “Malko Gorria” 2008. urtean.
Suganeko taldekideak.
Ezkerretik eskuinera: Jon, Garazi, Elixabet, Maria eta Víctor.

   Hiru neska eta bi mutilek osatzen zuten taldea. Maria Amolategi ahots nagusian, Elixabet Bujanda bigarren ahotsean, Garazi Zabaleta pianoan, Jon Eskisabel kitarra eta baxuan eta Víctor Sánchez baterian. Taldean bost izanik ere, azken bi mutil hauek eta bigarren ahotsak egiten zituen Elixabetek ere, atrezzo itxura handiagoa zuten eszenatokian, musikariena baino. Eta ez beraiek lan eskasa egiten zutelako instrumentuekin, arlo horretan beren egitekoa nahiko ongi betetzen baizuten. Beste bi taldekideak ziren ordea taldea aurrera ateratzen zutenak. Batak melodia nagusiak abesten zituelako, eta Garazi Zabaletak talentuaren argazki perfektua irudikatzen zuelako.
   Zeren, Sugan zerbait edo norbait bazen, Garazi Zabaleta zen. Talde hau zuzenean ikustea tokatu zitzaigunoi, uste dut argi eta garbi gelditu zitzaigula taldearen esentzia pianoaren teklatan gordeta zegoela. “Pilotari” telesailaren sarreran ikusi ahal genituen bere eskuak pianoaren teklak laztantzen, “Irakurketa” abestiaren doinuak entzuten genituen bitartean, non pianoak ohiko protagonismotik at, izugarrizko alardeak egiten zituen moldaketa zoragarri batean oinarrituta. Taldearen letrak eta melodiak ere Garazi Zabaletaren esku gelditzen omen ziren, eta beraz, esan dezakegu, Sugan taldearen zutabe garrantzitsuena zela.
   Bestalde, taldean protagonismoa hartzen zuen bigarren pertsona Maria Amolategi abeslaria zen. Honek ordea etzuen Garaziren adinako erakustaldi teknikorik egiten ahotsarekin, ez baizen guztiz biribila neska honek mikrofonoaren aurrean egiten zuen lana. Euskal Herriko zenbait neska kantariek izan duten “gaitz” berdina zuen Mariak, mikrofonoaren aurrean jartzen zenean.

   Eta “gaitz” hori da hain zuzen, lehenago aipatu dugun euskal musikaren misterio handi horietako bat. 
   Mariak zeukan kantatzeko modua oso markatua zen. Eztarriz eta sudurrarekin abesten zuen, diafragma ia erabili gabe, eta euskal kantari emakume askok duten apeta berbera ikusten zitzaion: “aa”bokalak esan beharrean “ha” edo “ja” doinua egiteko mania zeukan. “Amodioa” esan beharrean, “Hamodioa” edota “Jamodioa” esaten zuen. Aparte, ito egiten zen kantatzen zenbait momentutan.
   Eta hor dago euskal musikaren misterio handienetariko bat: sudurrarekin abeste hori, eta “h” edo “j” doinua bokalen aurretik sartzeko apeta hori, euskal herriko kantari izugarri askok daukate. Eta ez du inongo azalpen logikorik horrek, zeren agian kantari hauei azaldu beharko genieke, egiten dutena gaizki abestea kontsideratzen dela. Baina arraskasta dute, eta jendeak atsegin du, nahiz eta abestiak melenga hutsak bihurtu.
   Hasi Lain taldetik, eta Euskal Herrian udan zehar ikusi ditzakegun berbena-talde ia guztietako neska abeslariak duen huts berdina da Suganeko Mariak zeukana.

Misterio handi bat da ordea, zergaitik duen hainbeste jendek, mania berdina.
Cristina Lizarragaren ahotsak libratu gaitzala gaitzetik, amen.

Hauxe da Sugan, eta euskal musikaren misterioetako bat.

2013(e)ko urriaren 11(a), ostirala

Aste honetako gomendioa: Delorean - "Into the Plateau" (2006)

   Astero astero, ostiraletan seguruenik, diska bat, abesti bat, EP bat, bideo bat, liburu bat, edota musikarekin serikusia duen bestelako argitalpenak gomendatuko ditugu. Orrialdearen ezker aldean ikusi dezakezuen lehio txiki horretan egongo da present zazpi egunean zehar aste horretarako gomendatu dugun argitalpena. Gainera, argitalpen horren inguruko artikulu bat ere idatziko dugu, zergatik gomendatzen dugun argudiatuz, eta baita ere, nola ez, zegatik zaigun interesgarri ere azalduko dugu.

   Aste honetan, gure bide motzean egiten dugun lehen gomendioa izatea tokatu zaion diska bat gomendatuko dugu: Delorean talde zarauztarraren "Into the Plateau" diska. Izan ere, aste honetan, zoritxarraren baitan, Delorean taldekoak albiste izan baitira.
   Mexikon jasan duten bahiketa dela eta ez dela, estatuko komunikabide guztietan izan dute tartea, baina ez kulturaren arloan, baizik eta eguneko gertakari azpimarragarrienen artean. Zorionez ordea, susto ikaragarri batean gelditu da guztia. Eskerrak.
   Bada, gertakari honen aitzakian, Delorean taldeari gure omenaldia egin nahi diogu. Nahiz eta hauek omenaldi bat beti merezi (agian ez gara konturatzen zenbateraino diren handiak), susto beldurgarri hau guztioi hobeki ematen lagun diezaguken aipamen bat egitea ezta soberan izango.
Delorean - Into the Plateau (2006)

   Horregatik, aste honetanko gomendapena 2006. urtean Delorean taldeak atera zuen diska luzea da: "Into the Plateau".
   Beraien bigarren luzea izanik, aurreko luzeak jarri zituen oinarriak finkatzen ditu diska honek. Gainera, "The Metropolitan Death" EP-arekin batera, Deloreanen soinu berezi eta bereizgarria definitzen duen diska da.
   Kantu bikainek osatzen dute diska hau, hasi "Complexity Reducer" diska irekitzen duen abestitik, eta diska isteko balio  duen "Shibuya Crossing" abestiaraino, tartean aurki ditzekegun "No Name" bezalako hit zoragarrietatik pasa ondoren.
   Abesti batzuetako soinu oso elektronikoak, beste abesti batzuetako soinu naturalagoekin nahasten dituzte. Bikain nahastu gainera.
 
   Gure aste honetako gomendioa: Delorean taldearen "Into the Plateau" (2006) diska.


   Gozatu.